XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gorago esan dugunez memoria lagungarri edo kanpo-Memoria horretan informazioa irakurri eta idatzi egin liteke; eragiketa horiek egiterakoan irakurketa eta idazketa, alegia nabarmen da, hain zuzen ere, memorion abiadura motela, Barne-Memoriakoarekin alderatuz, noski.

Gogoratu alabaina, memoria lagungarrietan gordetako informazioa ez dagoela zuzenean konputagailuaren KUaren mendean eta ezinbestekoa dela informazio hori Memoria Nagusira eramatea prozesatuko bada.

2.6.- KONPUTAGAILUAREN FUNTZIONAMENDUA.

Aurreko pasarteetan ikusi dugun bezala konputagailuak egiten duena zera da: gure aginduak bete guk emandako datuak erabiliz.

Ikus dezagun orain zehatzago memorian dauden agindu horiek exekutatzeko zer pauso ematen duen eta nola.

Edozein agindu betetzerakoan bi fase bereiz dezakegu.

2.6.1.- BILAKETA-FASEA.

Fase honetan agindua Memoriatik KUra ekartzen da.

Bilaketa-fase hau honela burutzen da beti: - KUko Programaren Kontagailuan dago beti exekutatu behar den aginduaren helbidea, Memoriako zein gelaskatan dagoen alegia.

Estraineko urratsa, beraz, helbide hori Memoriako S erregistrora bidaltzea izango da.

- Ondoren Memoria irakurtzen da.

S erregistroan aginduaren helbidea zegoenez gero, irakurritakoan agindua geratuko da Memoriako M erregistroan.

- Hurrengo pausoa agindu hori KUko Aginduaren Erregistrora ekartzea da.

- Azkenik, Programaren kontagailuari aginduaren luzera gehituko zaio eta horretara prest geratuko da hurrengo aginduaren helbidea.